Dec 182012
 

Azkenaldian, hedabideak garrantzi handia ematen ari dira elikagai funtzionalei, hau da, esnekiei eransten zaizkien prebiotiko eta probiotikoei. Horiei buruz ematen diguten informazioa kontuan hartuz, oso funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela ematen du; hots, erantzun inflamatorioa modulatu egiten dutela, eta osasunari hainbat modutara laguntzen diotela. Gaur egun, prebiotikoak eransten dizkiete edoskitzaileentzat egokitutako esneei, eta ekoizleek gisa honetako informazioa ematen digute: “Defentsak handitzen ditu”, “Hesteetako flora orekatzen laguntzen du”, etab. Jarraian, horien guztien ezaugarriak eta ondorio onuragarriak laburbiltzen saiatuko naiz.

Prebiotikoak, hesteetako florako bakteria jakin bati edo batzuei hazten laguntzen dieten azukre berezi batzuk dira. Bakteria hauek amaren esnean egoten dira, eta, gaur egun, ia esne egokitu guztiek dauzkate horrelakoak beren konposaketan. Probiotikoak (hesteetan egoten diren germenak), ordea, ezin dira esne egokituetan sartu, baina bai haur handiagoek kontsumitzeko prestatzen diren esnekietan: “bio” jogurtetan, “actimel”-etan, etab.

Ikerketen arabera, probiotikoak (mikroorganismoak) egokiak dira beherako infekzioso larria sendatzeko -laburtu egiten duelako beherakoaren iraupena-, eta antibiotikoak hartzearen ondorioz sortutako beherakoak ekiditeko, nahiz eta ikerketa gehiago egin behar diren bigarren alderdi hau erabat baieztatzeko. Nolanahi ere, sendagileek ohartarazten dute ez dela komenigarria haurrek probiotikoak ohikotasunez hartzea.

Prebiotikoei (azukreei) dagokienez, berriz, oraingoz frogatu ahal izan zaien onura bakarra, idorreria kasuetan daukaten eraginkortasuna da. Kontsumitzaileoi transmititzen dizkiguten gainerako efektu guztiak (gorputz osasuntsuagoa izatea, bizitasun handiagoa, etab.), ez dira azterlan serio bakar batean ere zientifikoki demostratu.

Sorry, the comment form is closed at this time.