Sep 182012
 

Janarietan aurki dezakegun zuntza bi motatakoa izan daiteke. Zuntz disolbagarriek (pektinak, gomak eta muzilagoak) urarekin nahastean likatasun handiko gelak osatzen dituzte. Frutak, barazkiek eta lekek mota horretako zuntza dute. Disolbagarriak ez diren zuntzek, aldiz, (zelulosa, hemizelulosa eta lignina), ez dute urik xurgatzen. Batik bat zerealetan eta fruitu lehorretan aurki ditzakegu. Zuntzak, idorreriaren aurka eraginkorra izateaz gain, hainbat onura ditu:

  • Zuntz disolbagarriak gehiago betetzen du, urdaila husteko denbora luzatu egiten du, eta janari-boloa nabarmen handitzen du.
  • Odoleko kolesterol-maila jaitsi, janarietatik lortzen diren koipeak xurgatzea zaildu, eta behazuneko gatzak kanporatzen laguntzen du.
  • Glukosa xurgatzea zailtzen du, eta, ondorioz, odoleko gluzemia kontrolpean edukitzen laguntzen du.
  • Hesteetako bakterio onuragarriak ugaritzen ditu, eta kaltegarriak kanporatzen laguntzen du.

Ikerketa askotan frogatu denez, zuntzak gaixotasun askotatik babestenlaguntzen du, besteak beste, hiperkolesterolemia, diabetea, idorreria, obesitatea, heste lodiko gaixotasunak eta minbizi-mota batzuk. Herrialde garatuetan, gomendatutakoa baino % 15-20 zuntz gutxiago hartzen dugu. Helduentzako neurri egokia egunean 25-35 g zuntz hartzea da.

Azala kentzean zuntza ere kentzen diogu sagarrari.

Haurtzaroan, berriz, haurrak pisatzen duen kilo bakoitzeko 0,5 g zuntz hartu behar du, eta, hiru urtetik aurrera, haurrak duen urte-kopurua gehi bost gramo zuntz egunean. Behar horiek asetzeko, ogia, arroza, zerealak, pasta edo patata duten sei anoa eta barazki, fruta edo leken bost anoa jatea gomendatzen da egunero. Egun batean zuntz-kantitate handiak hartuz gero, haizeak eta beherakoa izan ditzakegu; horregatik, zuntz-kantitatea poliki-poliki handitzen joan behar dugu, egunean 35 g hartzera iritsi arte. Bestalde, zuntz asko hartuz gero, kaltzioa, burdina eta beste gatz mineralak eta bitaminak nekezago xurgatzen dira, baina horretarako gutxienez 50 g zuntz hartu behar dira egunean. Azkenik, inoiz zuntz-gehigarririk hartuz gero, ezinbestekoa da urarekin hartzea, bi arrazoirengatik: batetik zuntzaren onurak gehiago aprobetxatzeko, eta, bestetik, hesteetan ez pilatzeko.

Sorry, the comment form is closed at this time.